Etengabe aldatzen ari den gizarte globalizatu batean bizi gara non pertsonek erronka berri askori egin behar dieten aurre etengabe. Pertsona ororen ongizatea eta garapen osoa bermatzea helburu izanik, hezkuntza zutabe garrantzitsua dugu, etxean jasotakoa bai, eta oso modu berezian ere ikastetxean landutakoa. Ardura handiko lana, beraz, hezitzaileok duguna.
Euskal ikastetxe sarea zabala eta anitza da, eta tartean, gurea, Bidaide Fundazioa. Guztiok erantzuten diogu gizarteak duen hezkuntza eskaerari, baino bakoitzak modu propio batean, misio eta bisioa zehatz batzuekin, eta proiektu zein metodologia ezberdinak landuz.
Gaurkoan, Bidaide Fundazioaren Eskola Eredua aurkeztu nahi dizuegu, bere baitan jasotzen dituen ezaugarri bereizgarriekin:
- Pertsona hezkuntza ekintzaren erdigunean kokatzea.
- Fedea, kultura eta bizitzaren arteko elkarrizketa sustatzea.
- Ingurunea eraldatzeko esperientziak lantzea.
- Pertsonen eskubideen eta betebeharren gauzatzea.
- Kulturaren eta ezagutzaren garapena, pertsonen garapen integralerako zerbitzu gisa, Euskal Hezkuntza Sistemaren esparruan.
Kristau Eskolaren parte garen aldetik, kristau humanismoan oinarrituriko Hezkuntza-Pastoral proiektua dugu gure lanaren abiapuntu. Proposamen honek kontuan hartzen du pertsona bakoitzaren talentuen aniztasuna; barnekotasuna garatzen eta transzendentziara irekitzen laguntzen du; eta bizitza osoan zehar ikasteko prestatzen ditu ikasleak.